Zinemagileen arteko elkarrizketak: ikastaroaren lehen saioa

Koldo Mitxelena Kulturuneak Zinemagileen arteko elkarrizketak ikastaroa antolatu du ikasle eta zinemazaleentzat. Gaur, urtarrilaren 14a, ostirala, hasi eta apirilean amaituko den ikastaroak bost saio izango ditu, eta saio bakoitzean elkarrekin lanean aritu diren zinemako bi profesionalen arteko solasaldi bat eskainiko da.
Ekimen hau Elias Querejeta Zinema Eskolarekin eta Zinemaldiko Z365 sailarekin batera antolatu da, eta parte-hartzaileek zinemaren ekoizpenari eta errealizazioari buruz hitz egingo dute ikuspegi artistiko ezberdinetatik. Horrela, zuzendari, ekoizle, gidoilari edo musikagileek ikuspuntuak partekatuko dituzte gaur hasiko diren saioetan.
Lehenengo saioan, Lara Izagirre zinemagileak Paula Olaz musikagilea izango du solas-lagun. Bi zinemagile gazteek Nora film luzearekin inauguratu zuten 2020ko Zinemaldiko Zinemira saila. Aurretik, Miguel Ángel Jiménezen Una ventana al mar filmean ere bat egin zuten.
Liburutegian, Larak eta Paulak parte hartu duten obra batzuk ditugu, eta esteka honetan bildu ditugu.