Zinemagileen arteko Elkarrizketak programaren barruan antolatutako prestakuntza-eskaintzan matrikulatzeko epea zabalik dago
Matrikula, gaurtik, urtarrilaren 8ra arte (barne) zabalik egongo da

Zinemagileen arteko Elkarrizketak programaren barruan antolatutako prestakuntza-eskaintzan matrikulatzeko epea zabalik dago urtarrilaren 8ra arte (egun hau barne)
Abian dago Zinemagileen arteko Elkarrizketak zikloaren edizio berri bat. Ikasleei eta zaleei zuzendutako programa da, eta Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatzen du, Z365 atalarekin —Zinemaldia urte osoan— eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera.
Aurten, Zinemagileen arteko Elkarrizketak Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan izango da, Koldo Mitxelena Kulturuneko obrak direla eta.
Zikloa 2024ko urtarrilaren 9an hasiko da, Negu Hurbilak kolektiboarekin. Saio hau euskaraz izango da eta taldean zuzentzeko esperientzian sakonduko du. Ohikoa den moduan, Zinemagileen arteko Elkarrizketen hirugarren denboraldiko egitaraua ahalik eta ikuspegi anitzena eta multifokalena eskaintzeaz arduratu da. Elkarrizketa guztietan, zinema lanbide kolektibo gisa hartzen da. Zinemagileaz gain, bertan izango da lankide bat -hainbat esparrutakoa izan daiteke: muntaia, interpretazioa, gidoia, ekoizpena-, belaunaldi bereko beste zinemagileren bat, edo abiapuntu edo kezka formal eta tematiko berak dituenen bat.
Hauxe izango da edizio honetako programa:
- Taldean zuzentzea. Negu Hurbilak (urtarrilaren 9a)
- Zinema eta beste diziplina batzuk. Víctor Iriarte eta Carlos Muguiro (otsailak 13)
- Lehen operak. Elena Martín, Laura Ferrés eta Javier Macipe (otsailak 27)
- Literatura egokitzapenak. Isabel Coixet eta Sara Mesa (martxoaren 7a)
- Animazioaren egoera. Isabel Herguera eta Pablo Berger (data konfirmatzeke)
- Zinema idaztea. Belén Funes eta Marçal Cebrián (maiatzak 7)
- Filmak ekoiztea. JA Bayona eta Belén Atienza (data konfirmatzeke)
Saio guztiak jendearentzat irekiak badira ere, aurten programaren dimentsio pedagogikoa indartu da, eta zikloko saioen garapenarekin batera prestakuntza-eskaintza osagarria eta paraleloa landu da. Prestakuntza-eskaintza honetarako sarbidea derrigorrezko doako matrikula baten bidez kudeatuko da, esteka honetan bete daitekeena. Horrela, nahi dutenek Una semana programara joan ahal izango dute apirilaren 8tik 11ra. Programazioaren lanbidearen inguruko proiekzioak eta bestelako ekitaldiak biltzen dituen proposamena da. Era berean, plaza mugatuekin, martxoaren 4tik 7ra bitartean, Rick Prelinger artxibozain, zinemagile, idazle eta hezitzaileak emango duen tailerrera joan ahal izango dira. Tailer hori artxiboko ikus-entzunezko materialen inguruko esku-hartzeari eta muntaketari buruzko tailer praktikoa da. Astebetez bertaratutakoekin lanean ariko da tokiko film artxiboetatik abiatuta, tailerraren amaieran lurraldeari buruzko film dokumental kolektibo bat osatzeko.
Gainera, bertaratzeari lotutako baldintzak betetzen dituzten matrikulatutako pertsonek Sail Ofizialeko edo Belodromoko proiekzioetarako bi gonbidapen jasoko dituzte Donostia Zinemaldiaren 72. ediziorako. Izena eman duten lehenengo 30 pertsonek, halaber, Donostia Zinemaldiaren argitalpenaren ale bat jasoko dute.
Prestakuntza-eskaintza honetaz gozatzeko, Zinemagileen arteko Elkarrizketak zikloaren egungo edizioko gutxienez 5 saiotara bertaratu izana baieztatu beharko da. Horretarako, bertaratze-ziurtagiria eskatu ahal izango da KMK-ko langileei, ekitaldia egiten den egunean bertan.
Matrikula gaurtik urtarrilaren 8ra arte egin ahal izango da (egun hori barne), doakoa izango da, eta herritar ororentzat irekia izango da, ikasle zein zaleentzat (https://gip.eus/zinema).
Presentzialtasuna eta topagune izaera laguntzeko, saioak ez dira streaming bidez emango, baina grabazioak Koldo Mitxelena Kulturunearen eta Zinemaldiaren webguneetan egongo dira eskuragarri denboraldiaren amaieran.
Saio guztiak 19:00etan egingo dira, Koldo Mitxelena Kulturuneko Santa Teresa komentuko areto nagusian, eta doakoak izango dira.