Zirtaka
2003/10/28 - 2004/1/17
Komisarioa: Ana Salaverría
Artistak: Leopoldo Ferrán - Agustina Otero
Testuak: Markos Zapiain, Hugo Mujica, Juan Zapater
Muntaia:
Prentsa oharra:
Agustina eta Leopoldo, beren izenak bezain luzeak diren zilbor-hesteak baliatuz, jatorrizko sei eremutara jaitsi dira, eta hainbat forma aurkitu dute bertan, edozein forma sortu ahal izateko baldintzei dagozkienak, ez baita ezinezkoa: isiltasunaz ere mintzo gara. Artearen aukeraz galdetu dute, are edozeren aukeraz. Artista presokratikoak direnez, ageri zaigunaren muinaz dute hausnartu. Inoiz ez bezain sakonki jo dute errora. Edonola ere, zergatik ematen du sei obra hauetan bizitza eta pasioa jadanik amatatua dela, edo oraindik ez dela agertu? Zergatik oroitarazten dituzte sua itzali ondoren emeki pindartzen diren txingarrak, biharamunean suari berpiz dadin ahalbidetuz?
1-Hara hemen paradoxenganako Oteroren eta Ferranen zaletasuna: historiako ateorik interesgarrienetarikoa den Demokritoren atomo biribilak, aldarearekin eta putzuarekin batera jarri dituzte. Ferranen eta Oteroren sentsibilitatea mistikoa da, baina materialista: jainko pertsonal edo transzendenteak aintzat hartzen ez dituen arren, ez dio uko egiten sakratua beneratzeari.
Mistikoek beti izaten dituzte arazoak ortodoxiarekin, ez baitute ahazten konfigurazio erlijioso konkretuak aski trukagarriak direla, errituak antzekoak eta jainkoak berdintsuak. Forma erlijioso jakin oro iturri batetik datorren bezala, indar ilun batek ahalbidetzen ditu izaki guztiak; eta putzu horretan, gauzak sortzen diren fabrikaren denboran eta espazioan, saiatzen dira murgiltzen Otero eta Ferran.
Hain zuzen, putzuak joandakoa eta badatorrena biltzen ditu, bertan jausi zaitezke eta kaskoa hautsi, baina baita bertako uraz egarria ase ere, leize baita baina halaber iturburu.
2-Bestalde, deigarri gertatzen da zein apatikoak diren sirenak. Dagoeneko ez dute abesten, edo oraindik ez dute abesten; seduzitzen ere ez dira saiatzen. Izakiok ez dira garbiro ez arrain ez ardo, ez dute nortasun definiturik. Bideo bati begira daude, olatuek harkaitzak behin eta berriro jo eta jo erakusten duena, besterik ez. Ahituak dirudite, mitoetan behiala betetzen zuten eginkizunaz kokoteraino, beren mitoan harrapaturik eta asperturik beren itsasoaz. Sirena oparoon aurpegiak zozoak dira, gizarte bizitzarako uzkur. Edozein lan artistikorako ezinbesteko baldintza bat adierazten dute: xinpatikoarena egiteari muzina.
3-Igeltsuzko kutxa laukizuzenak, bere aldetik, zerbait kezkagarria dauka gordeta, oso indartsua, itxita edukitzen eustea zail egiten dena, sortzeko eta izateko borrokatzen baita. Halatan, igeltsuak txundituta dirudi, behartua, ezindua honezkero bere baitan irakiten duena geldiarazteko. Esertoki itxura duen arren, ez da halako zurrunbiloaren gainean esertzea komeni. Big bang-ean ez zen arrautza bat zartatu, baizik igeltsuzko esertoki bat.
4-Paseatzailea, bere longainaz kandela baten su ahula ekaitzetik babesten duena, Van Gogh-en “Ereilea”ren kontrafigura da. Azken hau sorkuntzaren alde baikor eta zabaletako bati dagokio, elementu naturalek lagundu egiten dute gainera. Bere beso eta gorputz osoaren mugimendua alaia, kementsua eta eskuzabala da.
Paseatzailea, berriz, babesle bat duzu gehiago, obraren edo bizitzaren aukera hauskorra inguruaren erasotik zaintzen. Ingurumaria mehatxuzkoa baita, hiltzailea, eta protagonista defentsa lanetan dabil, jagoten duenaren gainean bildua. Jagoleak iraganetik datorkigun sua etorkizunean ere plazara eta mundura jalgi dadin nahi du.
5-Txingarrak gauez era lauso eta amorfoan pindartzen diren legez, amorfoak eta lausoak dira orobat hemen erakusten zaizkigun argizariak. “Timeo”ko materiaren antzera, ez dute oraindik itxura zehatzik hartu. Zintzilik daude, bigunak dira, identifikaezinak, potentzian edozer; ideiaren zigiluaren zain daude beharbada. Dena den, edozein ideiak ezar diezaioke forma bat argizari eternal, itsu eta baldar horri.
Argizari zehatzezin horri demiurgoak ematen dio forma jakin bat Platonen esanetan, Jainkoak Genesiak dioenez eta Txema Garcia-Vianaren ustez artistak.
Ferranek eta Oterok, ostera, uko egiten diote identifikatzeari, izendatzeari, eta amorfoa bere baitan erakusten dute, ahal den neurrian. Mugagabea ez mugatzera dira mugatzen; artistaren lanaren aurreko lehengaia erakusten dute, autoreak gerora bizia emango dien osagaiak. Horregatik, argizarion eiteak badu zerbait katakonbatik, baina baita krisalidatik ere, esferen gelako putzuari oihartzun eginez: hemen ere iragana amatatu osteko eta berria sortu baino lehenagoko itxaronaldia adierazten zaigu.
6-Azkenik, buztin masa eskerga ezkilen antza duten bozgorailu bik leunkiro argitzen dute. Egiten duten soinuak segarena oroitarazten du, belarra ebakitzean, edo artistak edo Jainkoak materia itsuan espiritua barneratzen duen unea. Argia ere arnasa sortzen den iturri beretik, turuta beretik, isurtzen dela aintzat hartzeak interpretazio hau indartzen du.
Laburbilduz: Otero eta Ferran eremu anitz eta aldakor batean kokatzen dira, sorkuntza oro, edozein sorkuntza, ahalbidetzen duena; ordea, ez dute sormenetik datorkeen ezein emaitzaren mendean jartzerik onartzen. Inongo agerpen baino lehenagoko toki batean kokatzen dira, edozein suren aurreko txingarretan, kantu oro baino lehenagoko arnasan, edozein konfigurazio ahalbidetzen duten atomoetan, gizakia baino lehenagoko buztinean, ogiaren aurreko labean, kandelaren aurreko argizarian, big bang-a baino lehenagoko igeltsuan.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04