Eduki publikatzailea

Iparraldea bertan. Bañolet

2023/03/21 19:00 - 21:00

Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatutako filmaren proiekzioa eta solasaldia:

Maia Iribarne Olhagaraik eta Paxkal Irigoyen Etxeberrik idatzi eta zuzendutako Bañolet filmaren proiekzioa. Bañolet Garazi eskualdeko biztanleekin garatutako euskarazko film proiektu partehartzailea da. Eiheralarreko herrian grabatu zen 2021eko udan, herritarrak aktore jokoan harraraziz. Filmak kontestu geopolitiko berezi batean eraiki den asmatutako herri bat aurkezten digu, populu zapalduek berriki berkonkistatu duten lurralde batean kokaturik. Pelikulak haurtzaroko begirada oinarri gisa hartzen du, hauen gogoetak eta jokoak erreferentetzat hartuz.
Maia Iribarne Olhagarai eta Paxkal Irigoyen Etxeberri gurekin izango dira Bañolet filma aurkezten. Luzemetraiaren proiekzioaren ondoren solasaldia eta jarraian kontzertu txiki bat eskainiko dizkigute, filmarako biok konposatu eta grabatu duten musika originala zuzenean interpretatuz. Beraiekin Beñat Iturrioz Perez izango da moderatzaile rolean, Hernaniko zinemagilea eta 2017an sortutako Bira Produkzioak kooperatibaren kidea.
Maia Iribarne Olhagarai (1995) haurtzarotik musikaren munduan ibiltzen da: biolinean eta kantuz, proiektu ezberdinak integratzen ditu. Ikus-entzunezko ikasketak burutu eta dokumentalgintzan berezitzen da. Xofaldia kolektiboa sortzen du 2019an, Garazi eskualdeko lagun artista desberdinekin. Gaur egun, musikan segitzen du (Habia, Bloñ), ikus-entzunezko grabaketetan lan egiten du eta Bañolet proiektua ko-zuzentzen du.
Paxkal Irigoyen Etxeberri (1988) musikaria da. Azken urteetan hainbat taldetan parte hartu du, taldeka edota bakarka. Dantza ikusgarrien musika ere sortu izan du (Bilaka eta Elirale konpainiekin besteak beste). Bere sentsibilitate berezi, irudimen ero eta sormen gaitasun handiari esker proiektu artistiko ugari bultzatzen ditu, musikan, antzerkian edota ikus-entzunezkoetan. Gaur egun, musikan aritzeaz gain (Frigo, Fifita, Bloñ, Piko…), Bañolet proiektua ko-zuzentzen du.
Beñat Iturrioz (Hernani, 1981) Disziplina anitzeko sortzailea da, bideogile, musikari eta herri zinemagintzalaria.  2017tik Bira Produkzioak kooperatibako kide-sortzailea. Honen baitan ikus-entzunezko hainbat lan sortu ditu, haien artean Ibaia ez da toki bat eta Sans Nom Sarea dokumentalak. Bañolet seriean, berriz, argazki zuzendaritza lanetan aritu da. Gaur egun, Bira Produkzioaken egiten du lan, zuzendaritza, kamera eta postprodukzio lanak burutuz.

Partaideak: Maia Iribarne Olhagarai, Paxkal Irigoyen Etxeberri (Idazle, zinema-zuzendari eta musikariak)
Aurkezlea eta moderatzailea: Beñat Iturrioz (zuzendaritza)

(Hizkuntza: euskara)

Iparraldea bertan. <i>Bañolet</i>

Areto nagusia

Donostia

Agenda KMK