Eduki publikatzailea

Irakurraldi musikatua. Zakur Zaunkak

2024/02/21 19:00 - 21:00

KM Kulturuneak antolatutako irakurraldi musikatua, Poetika zikloaren barruan:

Zakur Zaunkak

Iñaki Irazuk (Asteasu, 1954) Ekonomia ikasketak egin zituen Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate eskolan. 1985etik Bilbon bizi da, eta 30 urtez euskara irakasle izan da Bilbo Zaharra euskaltegian. Bikoiztaile izana.
Villa de Bilbao saria irabazi zuen, eta poema asko idatzi ditu, horietako batzuk abestien letretarako erabili direnak. Jabier Muguruza abeslariak bere poema asko erabili ditu. Bernardo Atxagaren anaia da.
Bilbao lerrorik lerro antologiak (Bilboko Udala, 2001) idazle honen poema batzuk erakutsi zituen, orain arte libururik argitaratzea nahi izan ez zuena. Errukiaren saria (Erein) haren lehen poema liburua 2018an eman zuen argitara. Bigarren poema liburua 2023an eman du argitara, Susa argitaletxean: Zakur Zaunkak.
Iñaki Irazuren poemetan, “sentiberatasunezko uneak harrapatzeko asmoa” nabarmentzen da. Irazuk, idazteaz gain, gogoko dituen poetekin jardun dramatizatuak egin izan ditu. Horra, adibidez, Bilbo Zaharra Forum-en egitarauaren barruan, Gandiaga, Lizardi eta Iparragirreri eskaini izan dizkionak.

Jabier Muguruza (Irun, 1960) oso gaztetik murgildu zen musika munduan. Bost urterekin akordeoia jotzen ikasten hasi, eta zazpi urte zituela Europako Txapelketa irabazi zuen, haurren kategorian, Herbehereetan. Akordeoiarekin kontzertuak ematen hainbat urtez aritu ondoren, proiektu ezberdinetan parte hartzen hasi zen, esate baterako, Les Mecaniciens eta Joxe Ripiau taldeetan, baina kantautore ibilbideak egin du ezagun, Euskal Herritik haragoko oihartzuna lortzeraino, bereziki Katalunian.
Kantautore gisa 90ko hamarkadan hasi zen lanean eta orain arte hogeitik gora lan kaleratu ditu: Boza barruan (Elkar 1994), Hain guapa zaude (Metak 2001), Taxirik ez (2009), Beste hogei (2013) edota Geltokiak izarretara (2019), besteak beste. Testuak Muguruzarenak berarenak dira batzuk, eta, gainerakoak, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, J. Luis Padron, Leire Bilbao, Inazio Mujika edota Xabier Leterenak, besteak beste. 
Literatur lanari dagokionez, Erein argitaletxean haurrentzako zazpi liburu argitaratu ditu Muguruzak, baita helduentzako beste bi ere: Bizitza pusketak (1996) eta Laura kanpoan da (1999). Modu berean, artikuluak idatzi ditu hainbat komunikabidetan.
Hiru hamarkada igaro dira bere bakarkako lehen lana argitaratu zuenetik, eta urteurrena ospatzeko aurtengo udaberrian disko berria kaleratu du Iñaki Irazuren letrekin osatua.

Partaideak: Iñaki IrazuJabier Muguruza.

Poetika zikloa José Luis Padronekin eta Jon Obesorekin elkarlanean egiten da.

(Hizkuntza: euskara)

Ikusi ekitaldiaren bideoa

Irakurraldi musikatua. <i>Zakur Zaunkak</i>

Areto nagusia

Donostia

Agenda KMK