Ondare funtsa
KMK Liburutegiaren Ondare funtsa balio berezia duten materialek osatzen dute, hainbat irizpideren arabera.


Ondare funtsa Sarrera
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiaren Ondare funtsa balio berezia duten materialek osatzen dute, hainbat irizpideren arabera. Gipuzkoarekin zerikusia duten dokumentuak izan daitezke, Liburutegi honek (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Liburutegiak) zaindu beharrekoak, edo, antzinatasunagatik, bitxitasunagatik edo berezko balioagatik, etorkizuneko belaunaldientzat babestu eta kontserbatu beharrekoak.
Ondare funts hau ez da sarbide librekoa, baina kontsultatu daiteke eskariaren arabera, betiere Liburutegiak ezarritako baldintzak errespetatuz.
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiko Ondare Funtseko dokumentuak irizpide hauen arabera sailka daitezke:
- Antzinako funtsa. Lege Gordailua izan aurretik argitaratutako dokumentuak (1958an sortua).
- Gipuzkoako funtsa. Gipuzkoako lurralde historikoari lotutako dokumentuak, bai egileak lurralde horretan jaio direlako edo lurralde horri lotuta daudelako, bai bertan argitaratu direlako edo Gipuzkoarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituztelako.
- Dokumentu ederrak, bitxiak eta arraroak. Duten balioagatik (historikoa, soziala, kulturala…), originaltasunagatik, gutxi izateagatik edo edukiagatik, birjartzeko zaila diren dokumentuak dira. Aipagarriak dira, besteak beste, eskuizkribuak, artista-liburuak, inkunableak edo ale jakin batzuk (lehen edizioak, zenbakitutako tiradak, egileak berak edo beste pertsona garrantzitsuren batek sinatutako liburuak…).
- Euskera. Hizkuntza honetara itzulitako dokumentuak edo euskaraz idatzitakoak, euskal literatur tradizio aberatsaren isla. XX. eta XXI. mendeetako testuez eta aurreko garaietako liburu erlijioso, hiztegi eta gramatika ugariz osatutako bilduma da. Aipagarriak dira, besteak beste, Lazarragaren Bertso, kanta eta maitasun-kontuen bilduma eskuizkribua, Axularren Guero edo Bernart Etxepareren Linguae Vasconum primitiae.