Ongi etorria Poesialekura, poesiaren eta irakurleen arteko topaketa gune berria.
Ogi-apurra
Botila barruko poemak
Botila barruko poemak
Maialen Berasategi Catalánen hiru poema
GAITZIK EZ
Behin nahastuta elkarren galtzerdiak normaldu ondoren zurrungak zaindu ondoren koinatuaren eriondoa eta behiala opari izandako filodendroaren ura, nola eten ohearen haraindian ipurmasailaz sorbaldaz glaziar-haran bat higatu duen horrengana lokitik lokira lotzen zaituen astibidea.
Ez duzue miseria handirik ez eskandaluzkorik behintzat isurbideetan behera bota beharrekorik eta poztxoren baten tangoak dantzatzen zaituzte inoizka sueltoan inoizka elkarri helduta arrantzalearen eskarmentuak amua beitaz bazkatzen duen legez.
Damua gaztetxoen pribilegioa da ikasi zenuten koilara histuen ahurrean baino ez begiratzen atzera tarteka irrika piztu arren hatz-puntta bat edo hiru sartzeko beste inoren saltsatan, gatzez ondo dagoen probatzeko soilik edo arnasteko zerua.
Baina ikusi ondoren haren larru zelaian isiltasun sismikoz arroak arrotzen enarak txitatzen eta hiltzen jakinik zure omoplato erdi idatzien ifrentzuan bera bizi dela beti, ermitau, bera duzula zain zain dagoela jakin gabe ere, ez duzu behar sendabiderik baizik igual plazebo pixka bat dantzan samur segitzeko eta bare zure bizikide kronikoarekin.
ARNASKARIARI
Pixka-pixka bat zoriontsuago zara telebista errebobinatu daitekeenetik: aukeramena, libertatea, netflix (segi betetzen sinonimoen zerrenda).
Begiak ezin altxa eman dituzun garaietan ez bazeunde legez, normal deritzozu eskuan beti zerbait eduki behar gorriari urrutiko agintea, dutxa-sagarra, labana bat zeozer pisuduna, ez pisutsua erorita ere istripu huts izango dena eta ez zanpamendu erabatekoa.
Jendea multzoka abolitzen duen mundu honetan ez zara oso berezia, dona-dona katona multzo honetantxe egokitu zaizu izateari uztea. Eta makalaldiaren azkena makalaldia bera baino beldurgarriagoa denez eskerrak ematen dizkiozu gaur sofari bihar sardexka-labanen tiradera zapalari.
Ez zaude oso hilda, soil-soilik hartu zaitu gabetuen herren hotzilak, tracy Chapmanen kantu batean udazkena emateko abulia hunkituak. Hipermerkatuko erdi prezioek jendea erdi jende egiten duten moduan aldi baterako espedienteek ere egiten dute aldi baterako jendea.
Baina eta zer. arnaskaria zara azken batean eta arnasak oxidazioa dakar eta oxidazioak ximeldura beltza bihar ez bada etzi edo etzi ez bada bihar: aldi baterako jendeak ez du bereizten aldea.
ERORTZEN DA
Gehienetan esperantza erortzen da zaharrak erortzen diren bezala halabeharrean ere tragiko. Paroxismoaren antitesi bat airean uzten dituena luma arre batzuk eta gela hustuen oihartzuna.
Mokor hautsien kultura ikasten dugu eta onartzen ia-iakotasunera darwinismoz egokiturik inoizka lanbasa ateraz, garbitzeko txita jaio aurretxoan armairu-goienetatik erori eta krak lehertzen den txolarre-arrautza.
Orodun desjabetuon hezur-patu biguna.
Hunkimena soilik geratu bazaigu seinale asko-asko daukagula baina kendu digutela beste guztia.
El 17 de febrero, a partir de las 17:00 de la tarde, la casa de cultura de Intxaurrondo acogerá el Rincón de la poesía. Organizado por +55, Donostia Kultura.
Ziburuko euskal liburu eta disko azoka ospatuko da ekainaren 1ean (larunbata) Ziburun. Bertan egongo dira urte honetako nobedadeak, poema-liburuak barne.
Xorroxin irratian Pausa izeneko literatur saioa estreinatu dute, hainbat idazlerekin solasaldiak entzungai izateko. Lehen atalean, Tere Irastortza (1961) elkarrizketatu du Rakel Pardok.