Angelu ahurra
Bidali zure poema poesialeku@gmail.com helbidera.


-
Salvador Espriuren bost poema
Gaur bezalako egun batez jaio zen Salvador Espriu poeta katalana, 1913an. Poemak, antzezlanak eta eleberriak idatzi zituen, eta bere lan ugarien artean El cementiri de Sinera, El caminant i el mur edota La pell de brau nabarmen daitezke. Hainbat literatura-sari eta ohore jaso zituen bizitzan zehar. Literaturako Nobel Sarirako hautagaia izan zen behin baino gehiagotan eta Idazle Kataluniarren Elkartearen sortzailea izan zen.
Salvador Espriu (iturria: https://www.rtve.es)
Euskaraz hainbat itzulpen eta bertsio ezagutu ditu. 1965ean Jose Antonio Loidik haren Assaig de cantic en el temple poema itzuli zuen Olerti aldizkarian.Urte bete geroago Juan San Martinen Sinerako liburua ekarri zuen euskarara (Egan). Eta 1980-83 bitartean Zezen larrua itzuli zuen Egan aldizkarirako.
Jose Mari Pastorrek, Joakin Balentziak eta Koldo Izagirrek ere itzuli dituzte haren zenbait poema.
1997an Zenbait poeta katalan antologia kaleratu zuen Ibaizabalek, Gerardo Markuletaren itzulpenarekin. Tartean, noski, Salvador Espriuren hainbat poema.
2013an, berriz, Aritz Galarragak poema sorta bat itzuli zuen armiarma webgunerako.
Itzulpen horiek guztietatik hauatketa bat egin dugu, Espriuren efemeridea gogora ekartzeko eta poeta katalan handia omentzeko.
XI
Taupada ahulez dabil denboraren
bihotza eta barruan izenordeen
tranpa hertsira gidatuz garamatza
Gu noizbait gara zu,
kasik behinerez bera eta beti ni,
pausarik gabe berresaneratzen didate
presondegiko lehen hitza.
Eta igarotzen gara zubi soilez elkargana
begirada hotz izugarri honen
begi huts geldi batzutatik,
lerroz jarriak ezer-ezaren aurrekaldean,
gauaren azken iturria
itotzea bukaten den artean
eta ur tanto bat ere ez zaio jario
Sepharad-eko ezpain lehorreri.
Zezen larrua (Egan, 1983-1986. itzultzailea: Juan San Martin)
Anitz dira gizonak eta anitz mintzairak
Anitz dira gizonak eta anitz mintzairak
eta izen asko egokitu zaizkio maitasun bakar bati.
Zilar-zahar hauskorra arrats geldi da
soroen gaineko argitasunean.
Lurrak, hamaika belarri fineko lakioez,
aireko ahaireen xoriak harrapatu.
Bai, uler ezazu eta zeure egin, halaber,
olibondoetatik,
haizearen ahots giltzapetuaren egia goren eta apala:
«Anitz dira mintzairak eta anitz gizonak,
eta izen asko egokituko zaizkio maitasun bakar bati».
Zenbait poeta katalan (Ibaizabal, 1997. Itzultzailea: Gerardo Markuleta)
Ez zen ulertzen gauaren kantua
Ez zen ulertzen gauaren kantua,
hain ziren hitzak garbiak.
«Urre kondar batzuen truke saltzeko bat zatoz
etxea jaso zenuen orube antigualekoa.
Seme-alabei ezartzen dizkiezu, jaun-andre nahi baitituzu,
hizkuntza arrotzeko sukalki garratzak.
Beti lurrera atxikia, musturra
hondakinetan uxarretan zorrozten da.
Egunero-egunero maitasunak bizkarrean jotzen zaitu,
eta txistuka aritzeko leku esaneko bihurtu.
Plazerrez kurrinka eta umil makurtzen zara
zigorraren eta irain zantarren pean».
Itsaso hartatik zetorren ezin neka daitekeen
sumin-ahots baten kantu latza.
Hegan egin zuen oso urrutitik, hego
zabal-irekitako zapelaitz baten gisan.
Luzaro sartzen zen bost zuhaitzeko
jardinaren abaroan.
Zenbait poeta katalan (Ibaizabal, 1997. Itzultzailea: Gerardo Markuleta)
Haizea
Sentitzen duzu haizea nola
iristen den
sagastitik
leihoraino?
Sartu egin nahi du.
Zaldiak irrintzi dagi
gauaren barruan.
Zakurrek zaunka dagiote
ibiltari arraro baten
itzalari.
Haizeak begiratu gaitu
begi hustuekin
eta atea jotzen du orain:
sartu egin nahi du.
Triste, oso geldi
sutondoan, pasatzen ditugu
hil-beilaren
ordu geldook.
Haizea blai zetorren
ibaian ibili beharrez.
Lasaituko balitz,
utziko genioke
gustura
gurekin batera esertzen
sutondoan.
(armiarma. eus, 2013. Itzultzailea: Aritz Galarraga)
Abesti bihoztun bat entzun nahiz
Milaka urteko atsoa,
ahazten naiz iraganaz.
Gaurko egunak balio du,
are gehiago biharkoak.
Hiru alaba zauritu dira
oilarraren ezproiez.
Lauren odolarekin puzten dira
lehertzeko zorian
sitsez betetako lehoi baten
arkakuso xurgatzaileak.
Nire ondasun guztiak, zatituta,
ikusten ditut arrotzen eskuetan.
Lapurreten kalteak
behar ditut erauzi.
Urteak dauzkat baina indartsua naiz
eta prest nago
batzeko alabak
nire autoritatepean.
Orain zutitu eta agintzen dut:
«Libra zaitezte betiko
etsai animaliengandik,
haiek suntsitzen saiatu.
Nire hizkuntza bakarrik,
mendiek hautsitako
haran itxietaraino,
sagastietako haizeetara.
Bera eta emango dituen legeak,
gure hirietan.
Biltzen dut herri zaharra
Estatu burujabean.»
Ametsezko argien sukarraldia
begi zelatarietan.
Euri mehe jarraituko
zeruaren murmurioa. Zelaiak
blai eginda. Iturri eta ibaien
ur finak. Soroak.
Ozta harrotzen den hegorik,
haizerik artasoroan.
Ondo marraztutako errai argiak,
lur txikia bakean.
Txikia dela jakinik,
itsasora zabaltzen ditu ateak.
(armiarma. eus, 2013. Itzultzailea: Aritz Galarraga)
https://www.rtve.es/play/videos/imprescindibles/imprescindibles-2013-salvador/4594332/
-
Ingebor Bachmannen bost poema
Gaur bezalako egun batez jaio zen Ingebor Bachmann poeta eta idazle austriarra, 1926an.
2015ean Susaren MPK bildumak ale bat eskaini zion, Nagore Tolosaren itzulpenean.
Kaieraren hitzaurrean Beñat Sarasolak gogora ekartzen duen bezala, 1926an Klagenfurt-en jaioa, Bachmann filosofian doktoratu zen 1949an Vienako Zirkuluko kide zen Victor Kraft-en zuzendaritzapean idatzitako tesi batekin, zeinetan Martin Heideggerren filosofiaren harrera kritikoa aztertu zuen. Egiazki, auzi filosofikoekiko kezka bizitza osoan izan zuen, eta arrasto sakona —nahiz eta ez erabat agerikoa— utzi zuen halaber bere poesian. Urte gutxiren buruan argitaratu zuen bere lehenengo poesia liburua, 1953ko Die gestundete Zeit (Gerorako utzitako denbora), hain justu Gruppe 47k ematen zuen saria eskuratu zuena. Lehen liburu haren ondoren Erromara joan zen bizitzera eta han idatzi zuen 1956an argitatu zuen bigarren poema liburua, Anrufung des Grossen Bären (Hel-deia Hartz Handiari), Bremen-go Literatur Saria jaso zuena.
1956tik aurrera ez zuen poema liburu gehiago argitaratu; zenbait poema solte idatzi zituen, gutxi izanagatik garrantzia handia dutenak Bachmannen obraren baitan. Horien artean da Delikatessenik ez, neurri batean Adornoren dictum sonatuari —Auschwitz ondoren ezin dela poesiarik idatzi— heltzen diona. Bachmannentzat, Adornoren gisara, poesia idazteak konpromiso etiko sakon bat eskatzen baitzuen, eta horren ezean hobe zen idazteari uztea. Eta halaxe egin zuen berak, elkarrizketa batean arrazoitzen zuenez: “Idazten banekiela, baina idazteko beharrik ez nuela susmatzen hasi naizenean utzi diot poesia idazteari”.
Bachmanni eskainitako MPKren ale horren bost poema ekarri ditugu hona, urteurrenaren omenaldi gisa, Bachmann jaio zela 99 urte igaro diren honetan.
Zamaontzi handia
Kargatu dute udako zamaontzi handia,
prest dago portuan eguzkiontzia,
zure atzean kaioak murgildu eta deiadar egitean.
Kargatu dute udako zamaontzi handia.
Prest dago portuan eguzkiontzia,
eta brankako irudiaren ezpainetan,
ahalkegabe ageri da lemurren irria.
Prest dago portuan eguzkiontzia.
Zure atzean kaioak murgildu eta deiadar egitean,
hondoratzeko agindua iritsi da mendebaldetik;
baina begiak zabalik itoko zara eguratsean,
zure atzean kaioak murgildu eta deiadar egitean.
Erbestea
Nora gabe dabilen hildako bat naiz
inon izena eman gabea
ezezaguna prefektuaren erresuman
soberakoa hiri urrekaretan
eta berdatzen ari diren zelaietan
aspaldi arbuiatua
eta oinordetzan ezer jaso gabea
Haizea, denbora eta hotsa besterik ez
jende artean bizi ezin duena
Ni neure alemanarekin
hodei hauek inguruan
etxetzat horixe
hizkuntza guztien barrena
Oi, nola goibeldu den
tanta ilun euri tonu horiek
bakanka ari dira erortzen
Argiuneetara jasoko du orduan hilotza.
Ingebor Bachmann (iturria: Wikipedia)
Zuek hitzokNelly Sachs lagun eta poetari, ohorez.
Zuok hitzok, altxa, zatozte nire atzetik!
Eta dagoeneko elkarrengandik urrun, urrunegi
bagaude ere, aldendu egingo gara
beste behin, amaierarik ezerantz.
Ez du argitzen.
Hitzak
atzetik arrastaka eramango ditu
beste hitz batzuk;
esaldiak esaldia.
Munduak nahi luke
bere burua bortxaz ezarri
behin betiko,
dagoeneko esana izan.
Ez esan.
Hitzok, zatozte nire atzetik,
ezer behin betiko izan ez dadin
—ez hitzekiko irrika hau
ezta esanaren kontraesana ere.
Oraingoz, beude, tarte batez.
Ez dadila sentimendurik adierazi,
landu dadila bihotzaren giharra
beste era batera.
Beude, diot, beude.
Ez bekigu, belarririk gorenera,
ezer, diot xuxurlaka,
heriotzaz bururatu.
Beude, eta datozela nire atzetik, ez gozo,
ez zakar,
kontsolamendurik gabe,
esangurarik gabe,
eta zeinurik gabe.
Ez etorri: hautsez harilkaturiko
irudia, silaben
burrunba hutsa, herio hitzak.
Herio hitzik ez,
zuok, hitzok!
Delikatessenik ez
Dagoeneko ez dut ezer gogoko.
Zer egingo dut
metafora bat
almendra-lore batez apaindu?
Sintaxia
argi-efektu batean gurutziltzatu?
Nork hausten du kaskezurra
gauza hain azalekoengatik—?
Zentzuduna izaten ikasi dut
hor ditugun
hitzekin
(klase apalenentzat)
gosea
lotsaizuna
malkoak
eta
ilunpea.
Araztugabeko negar-zotinekin,
etsipenarekin
(eta etsipenak etsiak hartuta nauka)
hainbeste miseria dela-eta,
gaixoen egoera, bizitzaren kostua dela-eta,
moldatuko naiz.
Ez diot idazkera zaintzeari utzi,
neure burua zaintzeari baizik.
Besteek badakite
jainkoak badaki
zer egin hitzekin.
Ni ez naiz neure laguntzailea.
Zer egingo dut
pentsamendu bat atxilotu,
esaldi-ziega argiztatu batera eraman?
Begi eta belarriei
kalitate oneneko hitz mokaduak eman?
Bokal baten libidoa aztertu,
gure kontsonanteekiko suharra ikertu?
Zer egin behar dut
harrikaturiko buruarekin,
esku honen idazteko inarrosaldiekin,
hirurehun gauetako presiopean,
papera hautsi,
akuilaturiko hitz-operak erraztatu,
eta horrela ezereztu: ni zu eta hura
gu zuek?
(Izan bedi. Izan bitez besteak.)
Nire partea, gal bedi alferrik.
Bachmannen bizitzari buruzko pelikularen kartela.
ErrazioakZorionaren errazio nekaezina xahutua,
fedearen hiru apurrak
irentsiak, esperantza eta maitasuna
kontrako eztarritik joanak, bat
zintzur-hestean trabatu, beharbada
maitasuna, itolarriaren arriskua,
arnasestua, sorbaldan jo,
bizkarrean jo,
itolarriaren arriskua,
behera joango da edo ahotik jaurtiko da.
Errazioak, koipe txartelak
nerbioentzat, arropa txartelak
biluztasunarentzat, liburuan itsatsita
premiazko artikuluen txartelak,
honezkero existitzen ez direnenak.
Ez da beste ezer behar.
Diru pixka bat, pattar
tanta bat.
MPK (Susa, 2015. Itzultzailea: Nagore Tolosa)
-
Baudelaireren bost poema, Patxi Apalategik euskaratuak
Atzo hil zen Patxi Apalategi itzultzailea. Hainbat lan ekarri zituen euskarara, batez ere frantsesetik eta gazteleratik. Hari zor dizkiogu, besteak beste, Flauberten Madame Bovaryren itzulpena (Ibaizabal, 1993) edota Charle Baudelaireren Gaitzaren loreakena (Balea Zuria, 2019).
Hemen dituzue Baudelaireren zenbait poema, Patxi Apalategik egindako itzulpenetik ekarriak:
XXXIV
KatuaZatozkida, katu ederra, nire bihotz maitalearen magalera;
bildu zure atzaparrak eta
utzidazu ni naizen dena murgiltzen zure begirada nabarrera,
agata ta metal nahasketa.Eskuen zabalez, gustuaren gustuz, burua ta sorbalda malguak
ferekatzen dizkizudanean
eta, zure gorputz elektriko hori haztakatzen, nire bi eskuak
plazerez hordi zaizkidanean,nire emaztea datorkit oroimenera. Eta haren begirada,
zurea legez, maite piztia,
sakonki eta hotz zulatu eta sartzen zait, nola gezi-sastakada;alde guztietan hats eztia
dabilkizu biran goiti-beheti igeri perfume arriskutsuan,
gorputz beltzaxka delikatuan.LXXIX
ObsesioaOihana, beldurgarria zara katedralak bezala,
organoen eran orroka; bihotzaren erantzuna
dolu-leizean dabilkit, herio-korok eternala,
De profundis madarikatuei eginez oihartzuna.Gorroto zaitut, ozeano! Zure jauzien azantza
neugan aurkitzen dut. Irain eta zotinen errefera,
gizon bentzutuaren biran dabilen barre garratza,
itsasoaren barre handian entzuten dut, berbera!Oso atsegin zintuzket, gaua! hizkera arruntean
mintzo den izarren ñirñir-leinurua izan ezean!
Zeren huts biluzia baitut xerkatzen, ilunpe beltza!Ilunpe berbera da, ordea, mihisezko ezetza,
han bizi baitira, ni-neuregandik jalgita pilaka,
etxeko zenduen begirada ezagunak milaka.
LXXXVII
EguzkiaSekretu lizunak babesten, pertsianak behera
dituzten aldiri pobreko etxetolen artera,
eguzkiak bazterrak erre beharrean jotzean
hiriko sabaietan ‘da landetako laborean,
ni bakarrik noa, apetako esgrima jokora,
txokorik txoko ausazko errimaren arrastora,
harri konkorretan gisa hitzetan estropezuka,
aspaldiko bertso amestuak topatzen tentuka.Hitsaren etsaia izaki, aita inudekoak
landan ernarazten ditu arrosak eta bertsoak;
hark daramatza kezkak, lurrun eta laino, zerura,
hark betetzen ditu eztiz erlauntzak eta garuna.Harengan dira gaztetzen makuludun gihar hilak
edonork esango luke: hor dabiltza neskatilak;
laboreari agintzen dio haz eta hel dadin,
beti, bihotz elkorrean ere, ez neke ez samin!Poeta baten antzera, hirira jaisten denean
nobleziaz janzten du zikoitza bere zekenean,
eta, tronpeta-hotsik gabe, hor sartzen da errege,
jauregian balitz bezala, ospitalean ere.CXIV
AlegoriaEmakume ederra da ta janzkeran aberatsa,
isuri zaion ardotan narran duela adatsa.
Putetxeko kerua, amodiozko amorruak,
oro iraizten dizu haren granitozko larruak.
Barre dagio Heriori, iseka Lizunari,
beti segan, beti haginka, dabilen lipuari;
munstroek ere errespetatu egin dute, alta,
gorputz tinko eta tente horren maiestate latza.
Jainkosa da ibilian, egonean sultandarra;
plazerean du ipinia fede mahomatarra,
bi besoak bularrez beteta zabal harrerari,
deika ari zaio, begiradaz, giza arrazari.
Jakin ere, ordea, badaki birjina antzuak,
bizibidean bere beharra duela munduak,
gorputz ederra bera dela dohain sublimeena,
belzkeria ororen barkamena lortzen duena.Hor konpon Purgatorioa! Hor konpon Infernua!
Gau Beltzean sartzeko heltzen zaionean ordua,
zuzen egingo dio, jaioberriak bezain bare,
Heriori so: gorrotorik gabe, damurik gabe.CXXIII
Artisten heriotzaZenbat dei egin behar dizut kaskabiloak astinka,
zenbat musu eman behar bekokian, karikatura?
Zenbat gezi galdu behar, alferrik tiratzen itura,
behin sikira gozatzeko izatearen mistika?Mila konplot inozotan higatuko zaigu arima,
eraitsi beharko dugu hamaika harresi armatu,
ahal izan arte infernuko irrikaz kontenplatu
negar-zotinka jartzen gaituen Izaki gozo-mina!Asko dira Idoloa inoiz ezagutu gabeak,
hor doaz etsita, hor eskultore madarikatuak,
bularra ta kopeta irainez mailuka markatuak,Marmolaren bistan esperantza bakar baten jabeak:
Herioren albak zabaltzean argitasun itzela,
garuneko loreetan alea helduko zaiela! -
Mirande, Senperena eta Ekiza
Udazken artsalde baten oroipena poema musikatu du Joserra Senperenak (Donostia, 1965), eta Jurgi Ekizak ahotsa jarri. Hasiera batean, Josu Martinez zinemagileak zuzendutako Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentalaren parte izan behar zen, baina "hainbat arrazoi medio" kanpoan geratu zen, eta, orain, plataforma digitaletan entzungai jarri dute. Poema Mirandek Telesforo Monzoni bidalitako gutunen artean aurkitu zuten. Hain zuzen ere, euskal idazle paristarraren jaiotzaren mendeurrena betetzen da urte honen azaroak 10ean. Hemen duzue kantari buruzko informazio gehiago.