2022ko saio irekiak eta formazioak: kronikak eta baliabideak hausnarrarazteko
K bulegoak Gipuzkoako kultur sektorearen garapenerako ikaskuntza esperientziak bultzatzen ditu. Hilabetez hilabete, saio irekiak eta formazio saioak tartekatzen dira, sorkuntza, komunikazioa eta kudeaketa alorretan ezagutzak partekatu eta lurraldeko eragileen arteko elkar ezagutza sustatzeko xedez. Kulturaz hausnartzeko eta ekimenak sendotzeko lanabesak.
Urtea amaitzear dela, 2022ko formazio eta saio irekien uztak eman diguna laburbiltzera gatozkizue.
Lehen seihilekoan genero ikuspegia, elebitasuna eta hizkuntza aniztasuna, pandemiaostea eta sorkuntzari eta kudeaketari lotutako buruhauste garratzak izan ditugu hizpide lurraldeko eragileekin.
Eskuarki, saio irekietan kronika moduko bat sortzen dugu, bertan hausnartutakoa laburbilduz, eta formazioa saioetan aldiz, baliabideak bertan landutako edukiek osatuta.
Hemen dituzue bilduta kronikak eta baliabideak, jazotakoa gogoratu eta hainbat gaitan sakontzeko. Guardasola edo aterpe pean irakurtzeko aproposak.
Urtea genero ikuspegiaz gogoetatzen hasi genuen. Nola heltzen diogu gaiari gure jardunean? Nola txertatu dezakegu hobeto genero ikuspegia kulturan? Elkarrizketa irekia oparoa eta aberasgarria izan zen.
Genero-ikuspegia (gure) kulturan
Saio irekiaren albiste kronika eta kronika osoa eta baliabideak
Martxoan saio berezia antolatu genuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren laguntza lerro nagusiak aurkezteko eta eskatzaileen zalantzak argitzeko.
Ondoren, euskararen egoera eta etorkizuneko erronkak aztertu genituen gure paisaia elebidun eta geroz eta eleaniztunagoan.
Elebitasuna eta hizkuntza aniztasuna kultura-paisaian
Saio irekiaren albiste kronika eta kronika osoa eta baliabideak
Apirilean, genero ikuspegian sakontzeko xedez, formazio saioa ondu zuten Jemima Cano kudeatzaileak eta Rebeka Elizegi artistak. Propio sortutako lau orduko saio esnagarrian hausnarketa eta eztabaida biziak, praktika onak, lanabesak eta sormen ekintzak uztartu zituzten, partaideen gozamenerako. Jarduera gogoangarriaren aurkezpena eta autodiagnostiko ariketa ikusgai dituzue.
Kulturan genero ikuspegia eraldatzea
Formazio saioaren albiste kronika, aurkezpena eta autodiagnostiko ariketa
Maiatzean beste saio ireki bat antolatu zuen K bulegoak, baina oraingoan aurrez aurre. Gogoa genuen pantailak alboratzeko, eta eragileon arteko harremanak estutzeko ametsgaizto distopikoa atzean uzten ari ginela. Horrexegatik, geure buruari begiratu nahi izan genion, pandemiaostean nola geunden ikusteko eta birusak kulturan eragin dituen albo kalteak aztertzeko.
Pandemiaondoa: eraginak eta moldaketak kulturan
Saio irekiaren albiste kronika
Uda bete-betean murgildu aitzin, indarrak berritzeko asmoz eta inoiz amore ez emateko saio freskagarri bat antolatu genuen, limonada suspergarriak lagunduta geure "amore" ia agortezina zabaltzeko.
Ez amore eman, eman amore
Saio irekiaren albiste kronika
Indarrak berrituta eta gorputzak oraindik beltzaranduta, Zarautzen antolatu genuen urriko saio irekia. Artezaleak elkartearen egoitzan solastatu ginen kresal usainetan, kultura proiektuak garatzeko aukerez eta zailtasunez.
Saio ireki bat kresal usainetan: kultura proiektuak garatzeko aukerak eta zailtasunak
Saio irekiaren albiste kronika
Udazken orbelduan, Santa Teresa komentura dagoeneko aldatuta, artea eta zaintza eredu berria ekarri genituen hizpidera, kulturak ongizateari egin ahal dion ekarpenaz itaunduta.
Artea sendagarri: kulturaren aukerak zaintza eredu berrian
Saio irekiaren albiste kronika
Urtea burutzeko, komunikazioaren funtsari heldu genion Vega Martínen (Diraya) laguntzaz. Formazio saioan gerturatzen duen komunikazioaren oinarrietan murgildu ginen. Gure beharrak hobeto ulertu eta adieraztea izan zen xedea, harremanak bestela eraikitzeko desiraz.
-
2023 urteko lehen erdiko saio irekiak eta formazioak: kronikak eta baliabideak
K bulegoak Gipuzkoako kultur sektorearen garapenerako ikaskuntza esperientziak bultzatzen ditu. Hilabetez hilabete, saio irekiak eta formazio saioak tartekatzen dira, sorkuntza, komunikazioa eta kudeaketa alorretan ezagutzak partekatu eta lurraldeko eragileen arteko elkar ezagutza sustatzeko xedez
2023-08-21
-
"Zein da gure ekimen artistiko eta kulturalen balio pedagogikoa?" saio irekiaren kronika
K bulegoak ekimen artistiko eta kulturalen balio pedagogikoaz hausnartu zuen, oporren aurreko azken saio irekian. Santa Teresa komentura hurbildu ziren Gipuzkoako kulturgileen gogoetak kronikan bildu ditugu, eztabaidari jarraitzeko asmoz
2023-07-19
-
"Kultur ekimen profesionalak sendotzeko gakoak" izeneko formakuntzaren baliabidea
K bulegoak elkarrizketa formatuan antolatu zuen formazioa saioa, kultura ekimenen sendotzeari buruzko hausnarketa irekia eragiteko asmoz. Bi aditu eta aritu jardun ziren hainbat gako Gipuzkoako kulturgileekin lantzen. Bertan jorratutakoa baliabide batean bildu dugu
2023-07-12
-
Artistaren Estatutuaren gaineko baliabideak
K bulegoak bi baliabide sortu ditu Artistaren Estatutua hobeto ulertzeko xedez. Batak esparru orokorra azaltzen du eta besteak haren eragina Arte Eszenikoen esparruan
2023-06-27